a

Let’s Work Together

Image Alt
Albisteak

Aiarako Txakolinaren Ibilbidea

Arabako txakolinaren 2020ko mahats-bilketaren emaitzak

Arabako Txakolina JDren 2020ko mahats-bilketa oso zaila izan da, ezohiko inguruabarrak direla eta. Alde batetik, aurreko mahats-bilketaren generoa dute biltegiek, eta, bestetik, 2020ko bilketarekin beteta daude andelak. Ezer gutxi esan daiteke guztioi eragiten digun egoeraz eta jasaten ari garen ondorio lazgarriez.

Merkataritza-egoera hodei beltzekin hasi zen, Brexitaren egoera eta AEBko muga-zergak direla kausa. Nolanahi ere, hasiera batean espero ziren emaitza txarrak ez ziren gauzatu, esportazioak onak izan baitira, baita bi herrialde horietan ere (ilusioz espero ditugu AEBrekin egindako negoziazioen emaitzak; izan ere, MAEk baimena eman dio Europari 2.890 milioi euroko muga-zergak aplikatzeko, eta AEBrekin negoziatzen hasiko da nekazaritzako elikagaiei ezarritako kargak kentzea). Martxoko itxialdia ere, jakina, kolpe handia izan zen urtarrileko, otsaileko eta martxoaren hasierako joerek iragartzen zituzten tokiko eta barneko merkataritzaren emaitza onentzat.

Ekoizpenari dagokionez, urtea nahiko normal hasi zen, eta hoberantz egin zuen, izozteak eta harri-jasa oro har gainditu baikenituen. Gainera, ondo eutsi zitzaien izurrite endemikoei, hala nola mildiuari. Heldutasun handiarekin iritsi ginen udara, eta estres hidrikoa pairatu genuen, zenbait kasutan oso kezkagarria; irailean, baina, urak eta eguzkiak bizia eman zieten landareei, zeinak mahatsondo-bilketa oparoa iragarri baitzigun, ordurako mahastietan nabari zena: mahats osasuntsu eta joriaren ondorioz, hamabi bat egunez aurreratu zen mahats-bilketa, irailaren 25era. Tamalez, mahats-bilketaren lanei ekin eta astebetera, euriteak hasi eta bilketa atzeratu behar izan zen, urriaren erdialdera arte. Gure deituraren historian gehien iraun duen mahats-bilketa izan da. Upeltegietako biltontzien egoera kezkagarriak botilatzera behartu zuen, oparoa izatea aurreikusten zen mahatsari lekua uzteko.

Egun, urriaren 28an, ia bukatuta dago mahats-bilketa, mahats berantiarraren zain. Mahats-bilketaren % 98 eginda eta mahastizainen kartillak jasotzeke, 714.000 kg inguruko datuak daude. % 57ko gehikuntza jazo da, JD honetan inoiz bildutako kopururik handiena. Horrek guztiak kezka-itxaropenak sortzen ditu, ezohiko inguruabarrak bizi ditugulako eta, hartara, zeharo moteldu delako txakolinaren merkataritza-hedapena.

Zoritxarrez, itxialdiak eta ostalaritzan eta, oro har, merkaturatzean izandako murrizketek eragin izugarria izan dute gure upeltegietako genero-irteeran, eta, horrenbestez, ezin izan da 2019ko mahats-bilketa ohiko baldintzetan komertzializatu, biltegiak hustu eta mahats-ekoizpen guztia bildu ahal izateko. Hori dela medio, 30.000 kg mahats inguru bildu gabe geratu dira, landan. Hala eta guztiz ere, bildutako mahatsaren kalitate ona izan liteke berri ona, baina aurrekaririk gabeko osasun-krisi honen mende geratzen da dena, etorkizunari begira eta 2021eko hurrengo mahats-bilketak ekar lezakeenari erreparatuz.

Hemendik aurrera, Arabako Txakolinaren txakolinak prestatzen egongo gara, eta 655.000 botila aurreikusten ditugu; marka hautsiko luke horrek, mikatza ere izan litekeena egoerak berehala onera egiten ez badu.

Amurrio, 2020ko urriaren 29a

José Antonio Merino Belaustegi 656789372